Historia

ALKARTASUNA DANTZA TALDEA 1976an sortu zen, institutuko lagun talde bat ikasketa bidaia baterako dirua bildu nahian ekitaldi bat burutzeko asmoarekin batu zenean. Horren atzean baina, gazte talde harengan euskal kultura eta folklorea ikertu, landu eta erakusteko gogo nabarmenik ez zen falta. Ilusio andana hori bideratuko zuen norbaiten beharrizanaz jabetu orduko, Eibarko Klub Deportiboan dantzak erakusten ibilia zen Patxi Beitiarekin topo egin, eta berak jarritako baldintza bakarra bete ostean -ordura arte mutilez bakarrik osatutako talderako neskak batzea- jaio zen Alkartasuna Dantza Taldea.

Harrezkero, egia da euri asko egin duela, baina euri hori izan da hain zuzen ere hasierako proiektu xume hari hazteko indarra eman duena.

Baina edozein hazi egoki ez zaion lurrean ernetzen ez den bezala, Alkartasuna Dantza Taldearen hazia ere ez zen erneko Bermeoko herriak, asko edo gutxi, bere ondare folklorikoa urterik urtera mantentzeko lana eta erantzukizuna bere gain hartu izan ez balitu. Asko izan dira azken urteotan Bermeori buruzko ikerketa historikoek isuri dizkiguten datuak, baina oso eskasak gure herriko antzinako folkloreari buruzkoak. Dena den, gure guraso eta aitona-amonen guda-oste garaian Gil Orbe eta Iñaki Larrinagaren eskutik jaio zen Eupeme Deuna parrokiako umeen taldea. Ondare kultural hori mantendu izanaren erreferentzia bat jar badezakete ere, askoz urrutiago doa Bermeo, euskal dantza eta musika tradizionalaren arteko lotura.

Bermeon dantzariei buruz dugun berririk zaharrena parrokia baten kontu liburuan ageri den 1662ko datu bat da, “…bíspera y día de nuestra señora (…) con los danzantes y demás fiestas que hubo…” bezala erregistratutako gastu batena hain zuzen ere. Gastuen aipamen hau ” …dos pares de zapatos blancos para el primero y el último de los danzantes que costaron a tres reales…” dioen beste batekin ageri da.

XVII. mendearen erdialdera garamatzaten bi aipamen hauetan oinarrituz, dagoeneko urte horretan jaien barruan dantzarien ekitaldi bat izaten zela pentsatzera eramaten gaitu, eta zehatzago, dantza hori Bizkaiko hainbat herritan hain hedatua egon den elizaurreko aurresku edo soka-dantza dela pentsatzera, zeinean aurrelari eta atzelari bat diren dantzaren ardatz nagusi.

Ez dira, dena den, elizak ezarritako oztopoak euskal dantzen transmisioak jasan dituen bakarrak izan. Mesede handirik ere ez zion egingo XVIII. mendearen bigarren erdian Bermeon hain nabaria zen dantza lebantiarrekiko zaletasunak, garesti gertatu arren urteetan zehar ohiko bihurtu baitzen herriko jaietan valentziar dantzarien parte hartzea. Hala ere, XIX. mendearen bukaerako zenbait argazkik garbi erakusten duten moduan, bertoko dantzenganako zaletasun eta abilezia bere horretan mantendu ziren, areagotu ez baziren egin, ordura arte herrian ezezagun zitzaizkigun emakumeen soka-dantza edo aurreskuen argazkiek aditzera ematen dutenez.

Beraz, argi dago lehenago aipatu bezala handiagoa edo txikiagoa izan daitekeen herri honen dantzekiko berezko zaletasun bat mantendu izan dela urteetan zehar. Gainera, asko izan ziren guda zibilaren ostean edo 50eko hamarkadan hiriburuetan sortuz joan ziren dantza taldeak, eta dudarik ez dago hauek izango zirela gerora herrietan sortu ziren taldeen erreferente eta ispilu.

Baina hiriburuetako dantza talde handi hauek burututako euskal folklorearen suspertzerako lan eskergari merezi duen garrantzirik kendu gabe, urte batzuk geroago sortuko ziren taldeak izan dira herri bakoitzeko ondare kulturala mantendu batzuetan, berpiztu besteetan eta aztertu eta landu beti egin dutenak. Eta hau guztia gutxi balitz, 70eko hamarkadako egoera politikoa euskaltzaletasuna pizteko akuilu egokia zela ezin ahantz genezake, ez eta ere euskaltzaletasun hori bideratzeko modurik deigarrienetako bat, noski, euskal dantza tradizionalak jorratzea izan zitekeela. Ildo honetan kokatu behar da, ondorioz, Alkartasuna Dantza taldearen sorrera.

Lehen urte haietan, hainbat oztopo gainditu behar izan zituen taldeak: entseguak aurrera eramateko lokal egoki baten falta (gozoki denda baten barruko aldea edo herriko eskolak erabili behar izan ziren), aurrekontu murritzaren ondorioz norbera bere dantzarako arropak lortzeaz arduratu behar izatea edo Bermeoko Fanfarrearen bitartez taldearen berezko musikari kopuruaren eskasia betetzea, besteak beste. Hala ere, oztopo hauek ez zuten gazte talde hark gure kulturaren sustraietako batzuk mantendu eta berreskuratzeko zuten kemena eta gogoa ahuldu, zeinak handituz baitzihoazen.

Oztopo hauek guztiek taldearen barne kohesioa, alkartasuna, areagotu zuten eta inor inoren gainetik jartzen ez zuen dena-denon artean lanerako eredu hark laster eman zituen bere fruituak. Lehen hamar urte neketsuren ostean esan daiteke taldea nahiko sendotua zegoela, honek bestelako proiektuetan pentsatzen hastea ahalbidetu zuelarik.

Taldeak bere barne egituran eta funtzionamenduan estatutu batzuen onarpenaren ondoriozko aldaketa sakonak izan zituen. Lan asko egin zen ordura arte jorratu ez ziren dantza berriak ateratzeko asmoarekin, eta dantzak beti musikaren eskutik joan behar duenez, taldetik luzatutako etengabeko deialdiei kasu eginez, ekitaldietan geroz eta musika instrumentu gehiago eta mota askotarikoak erabiltzeko aukera zabaldu zen.

90eko hamarkadaren bigarren erdialderako esan daiteke, beraz, taldeak heldutasun maila nabaria lortzen duela, bere folklorea gorde eta erakusteko borroka bi fronte nagusitan dagoelarik egun. Batetik, tradizioaren bidetik jotzen da dantza ugari bere originaltasunetik ahalik eta hurbilen aurkeztuz, bai koreografia eta bai burutzen deneko testuingurua ahalik eta garbien mantenduz, azken urteotan Andra Mari egunez Almiken ospatzen den ohorezko aurreskua edo soka-dantza dugularik horren adibide. Bestetik, gaur eguneko gizarteak eskatzen dituen baldintza berrietara moldatzen saiatzen gara, dantzak plazatik eszenatokira ematen duen jauzian eskatzen dituen arau berriak ere kontutan hartuz, hala nola, dantzak euren berezko testuingurutik kanpo eta jendearentzako emankizun edo ikuskari bezala aurkeztea.

Egindako bidea luzea da, ez dago dudarik, baina egiteke dagoena oraindik luzeagoa delako itxaropena da aurrera jarraitzeko gogoa pizten digun sua. Ezin ahantz genezake urte hauetan guztietan, zenbait gorabeherarekin baina, nagusien taldearen eskutik dantzari txikien taldea ere mantendu dela, eta ziur gaude etorkizuna ziurtatuta dagoela euren hanketan. Ezin ahaztu ezta ere musika dantzarik gabe baden bitartean, dantza musikarik gabe ez dela ezer, eta gure dantza zaharrak mantendu nahi baldin badira beharrezkoa dela mundu guztiak bere erantzukizuna hartzea.

2010 urtea oso garrantzitsua izan da taldearentzat; taldeak bere lehen 25 urteak egin zituen eta ekitaldi ugari antolatu ziren. Jadanik 44 urte bete izan ditu taldeak. 35. urteurrenean inoiz taldeko dantzari izan diren guztiak batu eta ekitaldi nagusi bat egin genuen. Urteetan zehar batutako opari, sari eta egindako arropa eta material guztien erakusketa bat ere egin zen, euskal folklorea dantzez gain, arropa eta musikan ere ikusten delako.

Bestalde, urte hauetan guztietan burututako lanagatik Arrain Azokaren barruan ematen den Hegaluze Saria 2001ean jaso zuen taldeak, maiatzaren 25ean, herriaren izena Bermeotik kanpo zabaltzen egin duen ahaleginagatik.

Gaur egun Alkartasuna Dantza Taldea 14 urtez beherako 90 bat gaztez eta 14tik gorako 50 bat dantzari eta musikariz osatua dago.